Hauxe da 2010eko martxoan Antzuolako udalak eta Mairuaren alardeko kultur elkarteak sinatu zuten hitzarmenaren edukia, hitzez hitz:
AURREKARIAK
Mairuaren Alardea antzuolarron kultura ondare garrantzitsua da eta hitzarmen honen funtsezko xedea berau herritarren nahiz herritarrak ez direnen artean sustatzea eta urtero ospatzen den alarde egunean duintasunez bera kaleratzeko baliabideak bermatzea da.
Herriko Udala eta alardearen zaharberritze prozesuko partaideak duela urte asko ari dira elkarlanean herriko alardea berritzen. Prozesu hori amaitutzat emanik, zaharberritzeko partaideok hitzarmena sinatzeko erabakia hartu dute.
Bai Udalaren, bai Elkartearen interesa Alardea sustatzea, babestea, belaunaldiz-belaunaldi bizirautea eta herritarren atxikimendua indartzea da. Helburu horiek hobeto bete daitezke indarrak batuta, elkarlana askoz ere eraginkorragoa delako. Ondorioz, erakunde bakoitzak izango ditu bere eginkizunak bere lan esparruan, beti ere osagarriak bilakatuko direnak.
Alde batetik, Alardearen aldeko lanari Elkarteak estabilitatea emango lioke eta Udalean lau urtero izaten diren ordezkari aldaketak ez lioke eragingo. Elkartearen bitartez, gainera, hainbat herritarrek Alardearekin duten lotura sendotu daiteke.
Beste alde batetik, Udalaren presentziak, herriaren ordezkari denez, Alardearen ofizialtasuna eta publikotasuna ziurtatuko lituzke, egon litezkeen edozein asmo edo interes pribatu saihestuz.
Udala eta Elkartea batera azaltzeak, berriz, indartu egiten du helarazi nahi dugun mezua: Mairuaren Alardea denona da eta denok gaude bere alde lan egitera deituak. Ondorioz, indartu egin daiteke, baita antzuolarrok Alardearekiko dugun identifikazioa ere.
UDALAK ETA ELKARTEAK ONDORENGOA ADIERAZI DUTE:
- Alardea Antzuolako ondaretzat ez ezik, euskal kultura ondare paregabeko ekintza-elementutzat ere hartzen eta aitortzen dutela.
- Alardearen aldeko interesa konpartitua dela.
- Bi aldeek elkarlanerako konpromisoa hartzen dutela.
- Hitzarmen honetan bakoitzaren eginbeharrak argitu eta finkatzeaz gain, funtzionaltasuna eta praktikotasuna izango dituztela oinarritzat.
- Etorkizunari begira bere sustapena eta hedapena bermatzeko adostasuna izango dutela bi aldeek lanerako printzipio.
HAUXE HITZARTZEN DA:
Lehenengoa: Bi aldeek bete beharrekoak
Alardearen inguruko erabakiak elkartea eta udalaren artean adostasunez hartuko dira.
Elkartea eta udala elkarrekin arduratuko dira Mairuaren alardearen antolaketaz.
Kaleratuko diren argitalpen eta ekintzak bi aldeen izenean agertuko dira.
Herritarren parte hartzea bermatzea inongo diskriminazio barik: genero, jatorri, erlijio edo sinismena dela eta.
Antzuolako Mairuaren alardearen kultur elkartearen betebeharrak:
- Alardearen inguruan talde egonkorra sustatzea eta hedatzea.
- Alardearekin loturiko beste hainbat ekimenetan parte hartzea.
- Alardearekin loturiko ikerketa, publikazio, hitzaldi, eta abarreko zereginak antolatzea.
- Herriko kultur nahiz gainontzeko eragileekin harremanak izatea eta sendotzea, alardeari dagokionez.
- Alardearekin loturiko kultura saioak herrian antolatzea.
- Erakunde publiko nahiz pribatu desberdinekin bere aktuazio esparruan egon litezkeen harremanak garatzea.
- Erakunde publiko nahiz pribatu desberdinetatik etor litezkeen diru laguntzak eskatzea.
- Euskal Herriko beste alardeetako ordezkariekin harremanak sustatzea eta hedatzea.
- Urtero udalean urteko jardueraren balantzea aurkeztea.
- Urtero urteko aurrekontuen proposamena udalari aurkeztea.
Bigarrena: Antzuolako Udalaren betebeharrak
- Antzuolako Udalbatzak Alardeari babes instituzionala eskaintzea.
- Antzuolan urtero ospatzen den Mairuaren Jaialdirako udal-langile nahiz azpiegitura ziurtatzea.
- Antzuolan ospatzen den Mairuaren Jaialdiko antolakuntza-gastuak bere gain hartzea, elkartearen aurrekontu proposamenaren irizpideen arabera.
- Urtean zehar Alardeko Elkarteak egiten dituen bileretarako bulegoa lagatzea.
- Urtean zehar Alardeko Elkarteak egiten dituen bileretan kultura zinegotziak edo bere kasuan kultura teknikariak parte hartzea.
- Urtero Antzuolako Kultur Elkarteari zuzenduriko diru kopuru bat emango dio, elkartearen aurrekontuen proposamenaren irizpideen arabera.
- Alardearen inguruan ospa edo antola litezkeen ez ohiko ekintzetarako azpiegitura eskaintzea eta diru laguntza elkartearen aurrekontuen proposamenaren irizpideen arabera.
- Alardearen sustapenerako egon daitezkeen ikerketa, hitzaldi, publikazio eta gainontzeko hedapen-ekintzetan parte hartzea.
- Diru laguntza publikoak daudenean, eskatzea.
Hirugarrena: Hitzarmena bertan behera geratzea
Alde bietakoren batek hitzarmenean zehazten dena betetzen ez badu, hitzarmena bertan behera geratuko da.
Laugarrena: Hitzarmenaren iraupena
Hitzarmen honen iraupena abenduaren 31 artekoa izango da. Hala ere, urtero luzatuko da, beste urtebetez, alde bietarikoren batek ez badu kontrakorik azaltzen. Alde bietariko batek hitzarmena luzatu nahi ez badu abenduaren 31a baino lehenago adierazi beharko du.
Bosgarrena: Hitzarmenari aldaketak ezartzea
Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, eta bi aldeen adostasuna baldin badago, hitzartutako klausulak aldatu ahal dira.
Seigarrena: Indarrean sartzea
Hitzarmen hau sinatzen den egunean sartuko da indarrean.
INMA BERISTAIN ARAKISTAIN
ANTZUOLAKO UDALA
XABIER LEGORBURU IGARZA
ALARDEAREN KULTUR ELKARTEA