Antzuolan urtero ospatzen dugu Muez eta Salinas de Oro tartean dagoen Baldejunkeran izandako borrokaldia eta bertan antzuolarrok ustez izandako parte-hartzea. Ingurua ezagutzeko puntu estrategikoa da Muez herria, eta batez ere bertan dagoen San Migel ermita. Bere horman antzuolarrek-edo jarritako plaka bat dagoela ere ikusiko duzue, testu honekin: “Antzuola ausarten oroimenez, 920 urteko uztailean Muetzera etorri zirenak askatasunaren eta bakearen alde borrokatzera”. 2003ko urriaren 23an jarri zen plaka hau.
Hasiera batean egon zen oroigarria
Horren berri jakiteko herrian ezaguna dugun Jesus Agirre “Etxetxo”rena jo dugu, jakinean lehen oroigarri hura jartzeko ardura hartu zuenetako bat bera zelakoan. Baina zein izango gure harridura, oroigarri hori ez zela jatorrizkoa esan zigunean, izan ere, eurena 2003ko urriaren 16an jarri zen, eta testu hau zeukan: “Gure arbasoek hemen defendatu zuten Nafarroa eta askatasuna”. Beraz, burura datorkigun galdera da zergatik eta zeinek kendu zuen jatorrizko plaka eta orain dagonenarekin ordezkatu.
Diario de Navarran azaldutako kronika
Baina joan gaitezen azaltzera nola herritar batzuk jarri zuten lehendabiziko oroigarria Muezen. Izan ere, aurretik, Muezera joan eta bertako alkatea zen Oskar Bidaurrerekin egoteko gai izan ziren Jesus eta bere lagun batzuk. Oroigarria jartzeko egitasmoa azaldu orduko, alkateak ez zuen inongo arazorik jarri San Migel ermitan bera ipintzeko. Halaxe, 2003ko urriaren 16an helburu horrekin bertaratu ziren autobusean Muezera Antzuolako 50 bat jubilatu. Bertara iritsi zirenean zain zeuden aipatutako alkatearekin batera, bertako abadeak, Isidoro Ursua eta Abel Calvo, eta herritar batzuk.
Baldejunkera, Muez eta Salinas de Oro ingurukoen kokapen geografikoa.
Abel Calvo abadeak bedeinkatu zuen oroigarria, ondoren aurreskua ere dantzatu zen, eta bukaeran, plakaren aurrean lora sorta bat jarriz, Agur Jaunak abesten bukatu zen saioa. Bitxia ere da ospakizun honen berri Diario de Navarra-k eman zuela hurrengo eguneko edizioan.
Baina ez ziren hor ospakizunak bukatu, bertako elkarte baten herritarrek prest zeukaten hamarretakoarekin amaitu zelako. Hurrengo urtean, berriz,Oskar Bidaurre alkatea eta Isidro Ursua abadea etorri ziren alardea ikustera Antzuolara.
San Migel ermita (Muez)
Hala ere, Jesusek badu beste susmo bat: orain ikusten den oroigarria ez dela bigarrena, baizik eta hirugarren plaka. Lehena, bigarrena ala hirugarrena izan misterioa izaten jarraitzen du gaur ere zergatik eta zeintzuk izan ziren oroigarriak kendu eta ipintzen ibili zirenak.
Aitzakia polita duzue urtea bukatu baino lehen Baldejunkera haranera joateko, San Migel ermitara bisita bat egiteko eta, nola ez, Muezko herritarrak agurtzeko.
Eta plaken misterioa argitzerik baduzue, jakinarazi!