Jakin badakigu antzinako alardeak pifanoz eta danbolinez lagundurik joaten zirela. Badakigu baita horien betebeharra kapitainaren aginduen berri ematea zela, pregonari gisa. Badirudi baita Suitzan hasi zirela tresna hauek banda militarretan erabiltzen eta ondoren beste herrialdeetara zabaltzen. Gaur, adibidez, ohikoak dira Irun eta Hondarribiko alardeetan. Ez, baina, Antzuolakoan, pifanoen ordez txistulariek jotzen dituztelako alardeko pieza desberdinak. Euren artean, nagusiena, Alardearen kalejira aliatzen duena, XVIII. mendekoa den “Marcha Real Fusilera”.
Wilhem von Humboldt hizkuntzalari, poeta, literatur kritiko eta politikoa, Euskal Herrira 1799an etorri zen lehen aldiz. Bi urte beranduago bidaia horrek sortutako jakin-mina gure herria zeharkatuz asebete zuen, hizkuntzari, kulturari, paisaiei, ohiturei eta instituzioei buruzko oharrak jasotzen zituen bitartean. Lan horren emaitza hizkuntza ugarietara itzuliko zen Euskaldunak izenburuko liburuan argitaratu zuen, 1801ean. Bertan hauxe zioen danbolindarien inguruan, Antzuolan ere koka daitekeena:
“Por la tarde después de los oficios divinos va el tamboril a la plaza y toca mientras haya alguien. Entonces se ven agarrar y danzar muchachas y niños, nodrizas o madres danzar con sus niños en brazos. El tamborilero está pagado por el Municipio. Después de cada baile recibe de los bailarines todavía algo, pero es sumamente poco. Tiene un pequeño tambor, sin sonajas colgando, y en la boca una pequeña flauta con solo tras agujeros. Maneja a la vez la flauta con la mano izquierda (se toca recta colgando hacia abajo de la boca) y golpea con la derecha con un palillo el tambor. A pesar de esta sencillez sin embargo, la música es agradable, y tan variada como se quiera”.
Alardea, Trokeo dantza eta zinta dantza. Txistulariak eta danbor-jolea.
Ezker aldetik hasita: Santi Solagaiztoa, Pedro Telleria eta Kandelario Elortza. (1920)
Antzuolan ere herriko udalak ordaintzen zuen bere ekitaldia, baina, hasiera batean, kanpotarrak ziren musika tresna hauek jotzen zituztenak, besteak beste “herriko jaiak-eta alaitzeko”. Ondoren, batez ere XX. mendearen hasieran, hasi ziren txistulariak eta danbor-joleak herritarrak izaten.
Hona hemen antzinako argazkien bidez, herriko txistulariak eta danbor-jolea:
1931. Santi Olagaiztoa eta Pedro Telleria txistulariak. Eskuman Pedro Igartza danbor-jolea.
1954. urtea. National Geographic magazineko argazkia.
Txistulariak ezkerretik hasita, Enrike Jauregi eta Gerbasio Legorburu. Danbor-jolea: Luis Azkarate.
Alardea 60. hamarkadan. Ezkerretik, Santi Solagaiztoa, ELoi Igartza (semea) eta Pedro Igartza (aita)
XX. mendearen hasieran (1905ean), Antzuolako ordenantza berriak kaleratu zirenean, bere bigarren atalean, “Bailes” izeneko 30 eta 31. Artikuluetan hauxe aipatzen da herriko txistularien zereginen inguruan:
- “Art. 30. Los Tamborileros, a las primeras campanas que anuncian la administración del Santo Viático o la Extremaución y la agonía y muerte, cesarán de tocar por un breve intérvalo y definitivamente al Ángelus, excepto en los días 23 de junio y 24, 25 y 16 de agosto y en otros, que circunstancias especiales exijan, en que se sujetarán a las órdenes que de antemano les dicte el Sr. Alcade o concejal que haga sus veces”.
- “Art. 31. Tampoco podrán los tamborileros tocar fuera de los días que tienen obligación y de lugar o sitio destinado para ello sin obtener el correspondiente permiso de la autoridad local”.
Urte batzuk beranduago, 1919ko ekainaren 29an, ohitura zuten San Juan, Santa Ageda, San Martzial eta San Blas erromerietara joateko, eta bertako ermitetako maiordomoek bazkaltzen ematen zieten. Hala ere, gastuak partekatu nahian-edo, “y para evitar más discusiones”, zera erabaki zuen Udalak: goizean edo arratsaldean joan zitezkeela txistulariak, auzoetako maiordomoek egindako eskaeren arabera. Baina egun guztirako joanez gero 15 pezeta ordaindu beharko zuten auzotarrek; arratsaldez joanez gero, berriz, 5 pezeta, baina “ los tamborileros comerán por su cuenta”. (Liburua 11, 1916-1924, folio 198) . Hartutako erabakiaz, auzoetako maiordomoek protestatu egin zuten. (Liburua 11, 1916-1924, folio: 208).
1973ko alardean txistulariak. Ezker aldetik hasita: Pello Lete, Fernando Lete, Iñaki Agirreurreta, Iñaki Arregi, Iñaki Elorza eta Julian Agirreurreta. Danbor-jolea, Luis Azkarate.
Baina herriko txistulariek izan dute beste zeregin garrantzitsu bat herrian, alarde egunean musika jotzearena hain zuzen ere. Egiari zor, ez daukagu hasiera batean daturik esaten alardeak-eta txistularien musikaz laguntzen zirenik, baina bai alardea ospatzen zen San Agustin eguneko (Abuztuak 28) gastuetan musika jotzearren musikariei ordaindutako fakturak.
XIX. nahiz XX. mendeko urte hasieretan dauzkagun datuak zeharkakoak diren arren, 1910-20. hamarkadetatik aurrera antzeman daitezke herriko txistulariak alardeetan, eta argazki zaharrak ditugu horren lekuko. Harrezkero jotzen dute alardeko “Marcha Real Fusilera” delakoa, nahiz eta jaiak irauten duten bitartean beste pieza askoren protagonista ere badiren.
Ordutik hona ugariak izan dira txistulariek eta danbor-joleek alarde egunean jo izan dutenak.
Alborada txistu taldea 2017ko alardean
Denoi, bada, gure jaiak nahiz gure urteroko Alardea alaitzearren, eskerrik asko.
Gora Antzuolako txistulariak!!!
Iturriak:
- Antzuolako Artxibo Historikoa. Hainbat akta eta akordioen liburuak .
- Lourdes Odriozola (2018). Investigación histórica sobre el Alarde del Moro de Antzuola. Antzuolako Udala eta Alardearen Elkartea. (Argitaratu gabe).
- Gerbasio Legorbururi egindako elkarrizketa (GOIENA).
- Ordenanzas Municipales de Antzuola. Año 1905. Antzuolako Udala.
- Antzuolako argazkiak. Hemendik jasoa: http://www.guregipuzkoa.eus/
- Wilhem von Humboldt . 1801, viaje al país de los vascos. Hemendik jasoa: http://www2.gipuzkoakultura.net/humboldt/introduccion.php
Iñigo Ramirez de Okariz Telleria (2018ko ekainean)