Antzuolako alardea egokitzeko egin zen prozesua eredugarritzat jo du Ikastolen Elkarteak eta lan tresnatzat erabiliko du.
Ezaguna dugu 2009tik Antzuolan ospatzen den Alardea ez dela garai batean egiten zen bezalakoa, izan ere tradizioak aldatuz joaten dira, eta garaian garaiko belaunaldien beharrei ere erantzuten saiatzen dira. Horixe gertatu zen 2006an.
Alardean herritarren partaidetza jaisten ari zelako herri mailan hausnarketa bat egitea planteatu zen. Herriko eragile desberdinek tradizioaren inguruko iritziak emanez, konponbide posible bat mahai gaineratu zuten. Prozesu luzea bezain emankorra izan zen, 2009ra arte iraun zuelako, baina inor damutzen ez dena, izan ere prozesuan ezarritako metodologiari esker gai izan ginelako adostutako bide bat topatzeko.
Alardearen egokitzapen horretan herritarrok jarraitutako bidea eredugarria izan da bai ikerketa, bai unibertsitate eta baita irakaskuntzako arloetan ere. Horren eredua esku artean daukazun adibidea da. Bertan, Ikastolen Federazioak eta Elkar Zerbitzuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara (12-16 urte) zuzendutako EKI proiektuan, eta Gizarte Zientzietako bere hirugarren mailako bigarren unitatean, Jarri ahotsa gure ekimenei delakoan, Antzuolako alardean herriko eragile desberdinok martxan jarritako prozesua eredugarria hartuz, Denon artean konpon dezagun izeneko atal-jarduera antolatu du. Fitxa didaktikoa
Guretzat ohorea da 12-16 urte bitarteko ikasleentzat Antzuolan egindako lana erabilgarri izatea. Gainera, testu honekin batera eragile desberdinek grabatutako elkarrizketak eta alardearen bideoak dituzte ikusgai, gelan egingo dituzten jarduerak gehiago aberasteko. Bideoak ikusteko