Antzuolako alardearen ahotsa ”Herri Zahar, Andra Berri” Biltzarrean entzun zen, bertan parte hartu baitzuen Alardearen Elkarteko Pilar Etxanizek.
Donostia 2016 Europako kultur hiriburuaren programaren barruan, apirilaren 1,2 eta 3an “Herri Zahar, Andra Berri” deituriko Biltzarra egin zen Miarritzen. Bertan, kultura eta generoaren erlazioan oinarritutako azterketa bat egiteari eman zitzaion hasiera. Bere helburua zen: emakumeek tokiko tradizioetan eta praktika kulturaletan dituzten zereginaz eta partehartzeaz euskal gizarteak duen ikuspuntu eta proiekzioaren gainean hausnarketa kolektiboa egitea.
Praktika kulturalak egiten diren esparruetako lau hartu ziren erreferente gisa:
- HITZA/AHOTSA: ahozkotasunarekin, hitzarekin, musikarekin… nolabaiteko lotura dutenak.
- GORPUTZA/MUGIMENDUA: mugimenduarekin eta gorputzarekin zerikusia dutenak.
- KALEA/PLAZA: jai-antolakuntzarekin eta espazio publikoaren okupazioarekin.
- MEMORIA/ERREFERENTE KULTURALAK: emakumeen memoria berreskuratzearekin, eta tradizioen berritzearekin.
Esparru horietan emakumeek izan dituzten zeregin eta partehartzeaz hiru une tenporaletan hausnartu zen: iragana, oraina eta geroa. Azken finean, geroa eraikitzeko estrategia kolektiboak ahalbidetzea da dugun erronka.
Biltzarrean 22 urtetik 62ra bitarteko aktore, kazetari, dantzari, bertsolari, kultura-kudeatzaile, musikari, kultura enpresari, pilotari, alardekide etabar luzeko partaideak bildu ziren. Euskal Herri osoko berrogei inguru gizon eta emakume, gehienak emakumeak.
Talde barneko giro ona eta elkarren arteko ezagutza eta konfiantza bultzatzeko lan-metodologia interesgarriak erabiliz burutu zen lana hiru egunetan zehar, balorazio oso positiboa egin zuten partaideek eta modu baten edo beste batean lanari jarraipena emateko konpromisoa hartuz amaitu zen Biltzarra.