Orain arte tradizioz ailegatu zaiguna da Baldejunkerako bataila Muez herrian izan zela (Nafarroa). Patxi Olabarria Alardeko partaideak, berriz, beste ikuspuntu baten berri eman digu.
Eskerrik asko Patxi, guztiokin konpartitu nahi izan duzulako!

MUEZ ALA MUES?

Antzuolako Udaletxea eraikitzera zihoazela, fatxadarako armarri baten beharra ikusi zuten gure arbasoek eta 1744ko urriaren 11n Udalak garai hartako Arma Erregeari herriko blasoia eskatzea erabaki zuen. Udalari erantzunez, 1745eko ekainaren 9an, Felipe V.aren kronikari eta Arma Erregea zen Juan Alfonso Guerra y Sandovalek arma ziurtagiria sinatu zuen Madrilen. Arma ziurtagiri honetan azaltzen da Valdejunkeran antzuolarrak egon zireneko lehen erreferentzia. Hala ere, kontutan hartu behar da Valdejunkerako bataila 825 urte lehenago gertatu zela eta bataila hartako dokumentazioan ez dagoela antzuolarren arrastorik. 2007. urtean Eusko Ikaskuntzak Mairuaren Alardeari buruz egin zuen ikerketan ere frogatuta gelditu zen mitotik gehiago duela errealitatetik baino.

Rosa Ayerbe historialariak gure arma ziurtagirian aipatzen den antzuolarren partaidetza “heroikoari” buruz ere garbi hitz egiten du:

La tradición es la tradición, pero en nuestro caso es una tradición de apenas 250 años, introducida por el Rey de Armas desde Madrid, y basada en Compendios, Libros de historia y otros materiales de elaboración propia o ajena, con poca (o nula) base histórica, en muchos casos, en donde a los destinatarios se les hace agentes de hechos gloriosos que justifiquen unos determinados elementos que se insertan en un escudo de nueva creación, y que estos aceptan en base al convencimiento del “magisterio” de sus autores (los Reyes de Armas), a los cuales sólo hay que darles el respeto y la credibilidad que se merecen…

Garbi dago beraz gure arbasoak ez zirela Vandejunkerako batailan izan. Baina historiak bitxikeria gehiago utzi dizkigu: Betidanik aipatu izan da Valdejunkerako bataila Nafarroako Muez herrian izan zela, baina Iñaki Sagredo historialariak dio bataila hori ez zela Muez herrian izan, Mues herrian baizik. Beraz, hurrengo baten, plaka jartzekotan, Muezera joan beharrean Los Arcosetik Acedora bidean dagoen Mues herrira joan beharko dugu.