Aurtengo Alardean Oinarin dantza taldeak bere dantzak neska eta mutilen arteko bereizketarik gabe plazaratu ditu.
Orain arte, Antzuolakoak diren trokeo dantzak mutilek bakarrik dantzatu izan dituzte, eta Alardeko zortzikoa neskek. Aurtengoan, ordea, dantza guztietan neska-mutilak elkarrekin ikusi ditugu plazan.
Neska eta mutilen arteko bereizketa tradizioz datorkigu, mundua ikusteko eta antolatzeko modu bat izan da gaurdaino. Bereizketa honek sexu-genero sisteman du oinarria, hau da: bi sexu daude, sexu bakoitza genitalen arabera definitzen da, sexu bakoitzari genero bat dagokio, genero bakoitzak ezaugarri eta izaera konkretu bat determinatzen ditu. Horrela, neskek modu jakin batekoak izan behar dute eta mutilek beste modu batekoak.
Baina errealitateak dikotomia hori gainditu eta ezeztatu egiten du. Gaur egun, bi sexuen teoriak zalantzan jarrita daude, eta mutil edo neska izateko modu asko daude; pertsonak beste.
Oinarinen erabakiak pertsona ikusteko modu itxi hori apurtu egiten du eta bakoitzari ematen dio modu askean, eta bere identitatea bizi duen eran, dantzan eta festan parte hartzeko aukera. Erabaki askatzaile eta inklusiboa, beraz. Ongi etorri!!
Zorionak, Oinarin!