Iparragirreren bertsoak

Jose Maria Iparragirre urretxuar famatuak antzuolarrentzat 1878 inguruan idatzitako bertsoak ere kantatzen dira Plazan egiten den ekitaldian zehar. Oso kontuan hartzekoa da urte hori; izan ere, ordurako karlistada bukatuta zegoen eta nafarroak harremanak galdu zituen beste probintzia euskaldunekin, eta azken horiek Foruak galdu zituzten 1876an. Horregatik, azken bertsoa da esanguratsuetetakoa, hortxe aldarrikatzen baita nafarroarekin lotura ez galtzea: Laurak bat.

Foruak galtzearen (1876 urtea) ondorioetako bat 1877. Urtean jazo zen. Urte horretan, soldaduzkarako adinean zeuden mutilei deitzea Penintsulan egiten zen bezala egiten zen euskal probintzietan ere; beraz, hemengo antolamendu militarra –eta horrekin batera alardearen zergatia- derogatu egin zen. Gertaera horiek eraginda, Iparragirrek ondorengo bertsoak idatzi zizkien antzuolarrei, euskal ohiturei jarraipena emateko helburuarekin, hain zuzen.

Jose Mari Iparragirre, urretxuarra.

  1. Nafarrak On Garzia
    Errege zutela,
    odolez estali zan
    bai Baldejunkera:
    Afrikanoak, orruz
    legoiak bezala,
    zioten kristau bizirik
    utzi behar ez zela.
  2. Baina euskaldunak,
    laurak bat aurrera!
    zioten: fedeagatik
    danok hilgo gera;
    jo!... jo eta ez eman
    pauso bat atzera...
    gurea izan arte
    mairuen bandera.
  3. Mutillak... hara non
    ilargi erdia;
    harrapatu dezagun
    nahiz galdu bizia;
    Hemen degu bandera,
    upa Euskal-Herria
    eta Antzuolarentzat
    onra eta gloria.
  4. San Juan Uzarragako
    seme txit argiak
    ziran Baldujunkeran
    irabazliak;
    batzar etxean duden ilargi erdiak
    dira Antzuolarentzat
    txit onragarriak.
  5. Esan, adiskideak,
    orduan bezala,
    Nafarroakin gaur ere
    anaiak gerala;
    bat da gure izarra,
    bat gure bandera:
    esan beti Laurak-bat
    izan nahi dugula.

Badirudi bertsook Iparragirrek Antzuolako alkateak eskatuta idatzi zituela, izan ere Iparragirrek hainbat enkargu ere onartzen zituen erromeria eta udako jaietatik.

Jatorriz, bertsoek ez zuten doinurik edo musikarik; bertso soilak besterik ez dira. 1978an, ordea, armoniaren bat jartzea erabaki zen bertsook alardean abesteko. Armonia, Miguel Gonzalez Bastidak Musika bandako zuzendari zenak jarri zion, eta horretarako Iparragirren “Gora Euskara” bertsoen musikaz baliatu zen.