Eraldaketak

Herri baten kultura adierazpenak inoiz ez dira estatikoak eta aldaezinak izaten, garaian garaiko herritarren izaera eta borondatearekin batera joaten dira eboluzionatzen, berrizten eta aberasten, eta horregatik lortzen du herri batek bere kultura belaunaldiz belaunaldi transmititzea (gazteenei, batez ere) eta mendez mende iraunaraztea.

Mairuaren Alardea XIX. mendearen amaieratik hona ospatzen da. Denbora horretan, hainbat aldaketa izan ditu, eta garaian garaiko balioetara egokitzen jakin izan du: esaterako, mairuari durbantea kentzeko eta zapaltzeko agindua kendu zen; 1980an aldaketa ugari egin ziren:

  • Diskurtsoa euskaraz egiten hasi zen
  • Jantzietan danbor joleek belaunetik behera eta gastadoreek manga batean fleko koloredunak jantzi zituzten.

Hala ere, aldaketarik handienak eta nabarmenenak 2009koak izan dira.

XXI. mende hasieran, herritarren partaidetza jaisten ari zela eta, 2006an Antzuolako Udalak eta Mairuaren Alardearen Kultur Elkarteak Eusko Ikaskuntzari ospakizun honi buruzko ikerketa enkargatu zioten benetako egoera ezagutzeko eta, bide batez, proposamen berriekin ospakizuna indartzeko asmoz. Ikerketa horren ondorioz, antzuolarrok Alardeari buruz zer pentsatzen genuen, nola ulertzen genuen eta zer-nolako identifikazio maila genuen jakin ahal izan genuen 2007an. Argi geratu zen Alardearen biziraupena ziurtatu nahi izatekotan, aldaketa batzuk egitea ezinbestekoa zela.

Hala, 2008-2009an talde ireki bat osatu zen. Udal ordezkari, mairuaren alardearen elkartekide eta herritar talde bat lanean aritu zen Alardea eraberritu nahian. Horrrela sortu zen `Alardea biziberritzeko TaldeaĀ“.

Biziberritzeko taldea

Biziberritzeko Taldea

Mairuaren Alardeak, eraberritzeko eta egungo balioetara egokitzeko prozesu sakon bati ekin zion.
Eusko Ikaskuntzaren aholkuak hartu ziren abiapuntu bezala, baina lan-lerroak zirenez, taldeko partaideen iritzi eta proposamenez joan ziren Alardearen edukiak gauzatzen eta helburuak betetzen. Hauek izan ziren aldaketarik nabarmenenak:

  • Mairuaren irudia duindu egin zen, ordura arte soldaduen buruzagiarekiko azaltzen zuen menpekotasuna gaindituz eta protagonismo handiagoa emanez. Mairua bera errege izatera pasatu zen, jantzi dotoreez gain, zaldi gainean joaten hasi zen. Bere guardia propioa eta musikoak jarri zitzaizkionā€¦
2008 arteko alardea

2008 arteko alardea

  • Gaur egungo antzuolarrok konpartitzen ditugun hainbat balio integratu ziren:
    • Diskurtsoa leundu zen testuko hainbat hitz eta aipamen moldatuz, esaldi berriak gehituz, genero bietara egokituz, hizkuntz eta kultura aniztasuna islatuz. Historiarekin ere hobeto lotu zen.
    • Emakumeak ohiko postuez gain, rol garrantzitsuetan sartu ziren: fusileroen artean, esaterako. Emakumeen integrazioa hurrengo urteetan osatzen joan da eta 2011n buruzagiaren guardian edo 2012an kanoi eramaleen artean ere sartu dira.
  • Eszenografia indartu, antzezpenaren koreografia zainduz, eta aberasteko hainbat elementu gehitu ziren, bai dantza, bai musika aldetik.

Hori guztia, demokrazia partehartzailean, pluraltasunean eta herriko sentsibilitate ezberdinen arteko adostasunean oinarritu da.

Gaur esan dezakegu, bada, Mairuaren Alardea gaurkotzea baino askoz gehiago lortu duela Antzuolak ahalegin honekin: bere herri dinamismoaz eta elkarlanaz baliatuz, helburu garrantzitsu batean ados jartzen badakigula erakutsi dugu, partekatzen ditugun balioekin gure herri-izaera sendotzeko gai garela, gure ondarea gorde eta indarberrituta transmititzeko gauza garela. Hitz batez, gure etorkizunaren protagonista arduratsuak garela.

Gaur egungo alardea. 2009tik aurrera

Gaur egungo alardea. 2009tik aurrera