Dantzak

Trokeo dantzak

Gure herriak, beste ohitura batzuen tartean, dantza batzuk ere gorde ditu. Horiek ere gure ondare próprio dira eta, ezberdintasun dezente dituzte beren antzeko Gipuzkoako dantzekin alderatuz gero.
Aipatutako dantzak hauek dira: Makila txikiak, Uztai edo Arku-dantza, Makila haundiak eta Zinta-dantza. Lau dantzak bakar-bakarrik alardean dantzatzen dira. Beraz, gure herriko bi ondarek egiten dute bat alardean: batetik, alardea; bestetik, trokeo dantzek.

Antzuolarren dantza zaletasuna 1576an agertzen da lehenengo aldiz Parrokiako eta Udaletxeko liburuetan. 1845etik aurrera agertzen dira gaurko dantzak, “Trokeo-dantzak” izenarekin ezagutzen ditugunak; hau da, Makila txikiak eta Makila haundiak. 1878an, berriz, Trokeo-dantzak eta Zintak. Eta, azkenik, 1886an, aurrez aipatu ditugun hiru dantzak eta Uztai edo Arku-dantza. Beraz, gaur egun egiten diren lau dantzak.

Dantza horietan beste antzeko dantzetatik gehien bereizten dena Makila txiki dantza da. Bertan dantzatzen den “pausoa edo boastitzea“ ez dugu beste inongo “Makila Txiki”an ikusten. Makila Txikien doinua bera ere nahiko ezberdina da, nahiz eta zati batzuk antzekoak izan.

Makila txikiak

Makila txikiak

Uztai edo Arku-dantzan doinua berdina da, ostera, dantzatzeko modua oso ezberdina. Uztaiekin elkar jotzerakoan inoiz ez dute aurrez aurre jotzen. Era berean, oinak mugitzeko orduan, mugimendua guztiz ezberdina da.

Uztai edo Arku-dantza

Uztai edo Arku-dantza

Makila Haundi dantza, ostera, Antzuolan oso sinplea da, aldaketa gutxikoa, azken konpasetan saltoka egiten bada ere.

Makila haundiak

Makila haundiak

Eta azkenik, Zinta-dantza. Zintak lotu eta askatzea Gipuzkoakoaren ia berdina da. Hala ere, doinu aldetik baditu ezberdintasun batzuk. Izan ere, Zortzikoaren doinua ez dugu beste inon entzun, eta orain dela 80 bat urtetik hona zintak askatzerakoan Iriarena doinua erabiltzen da. Gainera, gaur egun beste inon ikusten ez dena eta Antzuolan beti ezagutu izan denez, orain ere egiten duguna zera da: zintak askatzearekin batera makilaren puntan dagoen kaiolatik bi uso zuri askatzen dira.

Zinta-dantza

Zinta-dantza

Dantza mistoa

Dantza mistoa

Trokeoko eta zintako dantza mistoez gain, Antzuolako Oinarin taldeko kideek hasieran guztiz femeninoa izan zen dantza sortu zuten, Jose Inazio Ansorenak 1993an sortutako Antzuola zortzikoarekin batera, Iparragirreren bertsoak abesten diren bitartean.
2016an, berriz, Oinarinek erabaki zuen nesken eta mutilen dantzen bereizketa haustea. Ordutik aurrera, dantza guztiak mistoak dira, eta, beraz, eszenaratze inklusibo baten aurrean gaude, alarde folkloriko-kulturalen kultura eta ondarea aberasten laguntzen duena.