Domekan, Antzuolako Udaleko eta Elkarteko ordezkariak Hondarribian izan ziren,
Jaizkibel konpainiari babesa adierazten.
Ekainaren 30ean Irunen Alarde parekideari ere babesa eskaini zioten eta orduan bezala, oraingoan ere idatzi bat kaleratu dute: “Urte luzeetan ari da Jaizkibel konpainia, eta berarekin batera hondarribiar emakume eta gizon multzo handi bat, emakumeek jaian parekotasunez parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatzen eta urtez-urte une gogorrak bizi izan dituzte funtsezko eskubide hau gauzatu nahian. Alardea, herritar guztien ondare kulturala izanik, jai integratzailea behar du izan, herritar ororen parte hartzea bermatuz inongo mugarik gabe.
Herri baten kultura-ondarea osatzen duten alardearen gisako adierazpen eta ospakizun tradizionalak ez dira estatikoak, ezta aldaezinak ere, unean-uneko emakume eta gizonek bereak dituzten balioen arabera bilakatu eta aberasten dira. Horrela lortzen dute mendez mende irautea. Ziur gaude jaia berdintasunean bizita denok dugula zer irabazi, alardeak berak ere zer esanik ez!”.